Asteburu guzian zehar, besta eta aldarrikapena uztartu dira Itsasuko plaza desberdinetan: hitzaldiak, kontzertuak, jokoak, erakusketak… 1500 pertsonak parte hartu dute Itsasuko plazatik harriraino. Bertan, 60 pertsonek babestutako “Izan ginen, bagira, izanen gira” adierazpena irakurria izan da.
Apirilaren 9 huntan Itsasun, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako Mugimendu Abertzaleak Aberri Egun historiko baten karietara, “Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest” lemapean, Euskal Herri burujabe, justu, solidario, ekologista, feminista eta euskaldun baten aldeko dinamika bultzatu du.
60 urteko ibilbidea
Ipar Euskal Herriko lehen Aberri Eguna fundatzailea izan zen. 60 urte berantago, erronken araberako Aberri egun zabal eta bateratua irudikatu nahi izan du Bagira prozesuak. Horretarako, egitaraua anitza proposatua izan da: animazio, kontzertu, herri bazkari, joko, mintzaldi, erakusketa…
Etorkizunera begira
Asteburuko punturik gorena, Itsasuko plazatik 1963an pausatu harriraino abiatua den manifestazioa izan da. Bertan, ibilbide eta sensibilitate desberdinetako 60 abertzalek babestutako “Izan ginen, bagira, izanen gira” adierazpena irakurria izan da. Gexan Alfaro, Grazi Etxebehere, Irantzu Idoate Funosas eta Thibaut Godin sinatzaileetako lauk irakurritako adierazpen honek aurrera begira jarritako Bagira prozesuaren sekuentzia berria bultzatzen du.
Diagnostiko partekatua
Transmisio historiko baten ondotik, asteburu honetan fase berri baten zabaldu da 2024ko Aberri Egunera arte. Urtebetez, Bagira prozesuak guztien parte hartzea eskatzen du Mugimendu Abertzalearen Diagnostikoa egiteko. Horren bidez, Bagirak mugimendu hori iraunarazi nahi du euskal gizarteari aurkezten zaizkion erronka handien aurrean: gatazkaren konponbidea, etxebizitza, laborantza lurren babesa, borroka sozialak, nazio eraikuntza, euskara, etorkinekiko elkartasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, gai ekologikoak...
Jadanik izena emaitea posible da, datozen asteetan abiaraziko den galdetegi handiarii erantzuteko: https://labur.eus/bagiraemaila